Deriba eta asmakizun kaosmotikoak

Fernando Golvano

In nuce .- Arteak egun duen eginkizuna: ordenan kaosa txertatzea.

Adorno, Minima Moralia

Edo hobeto, inork ere ikusi, espero edo irudikatu ez duena aurkitzea. Aurkikuntza hori nola deskribatu, ordea? Ez da denboran zehar zerrendatu diren gauza txundigarri eta zoragarrien multzoa; ez da ez handiena, ez zirraragarriena; ezta ezinbestean atzerrikoa ere. Aitzitik, berreskuratutako familia-alderdia litzateke, anai arteko espazioa.

Georges Perec, Especies de espacios

Xabier Idoate, argazki-kamera eskuan, hainbat hiritan —Iruñean, Berlinen, Lisboan, besteak beste— barneratu da programa zehatzik gabe. Bertako hiri-geografia, arkitektura, distopia, aztarna, bilbe nahasi eta bizi-munduetatik mota askotako irudien bilduma atera du, eta ready made aldatu zabalaren antzera antolatu. Irudi ugarien artxibo horretatik abiatuta, Idoateren irudimen sortzaileak anai arteko espazioen atlas zoragarria asmatzen jardun du etengabe, manipulazio digitalez eta prozesuan zehar sortu diren halabeharrez; eta hainbat paradoxa, oroitzapen eta ikuspegi zatitu atzeman ditzakegu lan horretan. Antza, alderdi erreala irudimenezko eta fikziozko eremu bihurtu da, in medias res narrazio posibleen jatorria. Eta, mugimendu horren eraginez, misterioz hurbiltzen gara haren argazki serieetara. Izan ere, Siegfried Kracauerek gogoratzen zuenez, “hiriak ezagutzearekin batera, bertako ametsezko irudien esanahia argi dezakegu”. Direna direla ere, mapa estetiko-kognitiboak zein poetikotik dokumentaletik baino gehiago duten oroitzapenen hondarrak, azken urteotan egindako lanetan tentsio heterotopiko neurrizkoa nabari da: espazioak aldatu eta dislokatzen dira, bestelako mundu eta anabasa modu eta hauste berriak biltzeko. Zatitutik erabateko osotasuna ondorioztatzen da. Giza irudiak diferituan ageri dira gehienetan.

Diptikoetan edo poliktikoetan aurkeztu dituen irudiei dagokienez, palinpsestoaren poetikatik gertu dauden serie batzuk nabari dira. Alabaina, Idoateren lanetan, eta zehazkiago logika konstruktibo horren arabera sortu direnetan, hau da, aldaketa bisual eta kromatikoen bidez edo irudi gainjarri heteroklitoen bitartez segidako arrastoak erakusten dituztenetan, konposizio horrek hilotz dotore ospetsua dakar gogora, horren bestelako modalitate surrealista balitz bezala. Hala, irudi bete-beteak lotzen ditu, soberan ezer ere utzi gabe, eta zatitua gertaera irristakor bihurtzen da, une oro berezko sintaxia asmatzen duen idazkera automatikoaren antzera sortua. Jakina denez, arte-praktika orok bere hizkuntzaren arau eta jokoak asmatzen ditu, eta kalkulua eta halabeharra uztartzen ditu, modu enigmatikoan gauzak egiteko ahalmenaren ( vis formamdi ) ondoriozko indar poietikoa eta gauzak sortzeko gogoa ( libido formandi ) lotzen dituen prozesuan. Argazki serie hauek aurrekoa berresten dute berriz ere, eta irudi multzo berri hau dugu horren emaitza, askotariko irudikapen, desio eta afekzioak biltzen dituena.

Ugaritasun kaotikoa nagusi den palinpsestoak, collageak edo magmak izan, funtsezkoena zera da, eginkizun poietikoa zabaldu egiten dela, gertatuaren edo irudikatuaren jokoaren eta oroimenaren antzera. Novalisek bere Fragmentos lanean idatzi zuen bezala, «ez dago trantsizioak, nahasketa heterogeneoak baino gauza poetikoagorik». Horixe bera atzeman daiteke argazki serie hauetan, haien heterogeneotasunean —aztarna kaotikoa, eta, halaber, ia argitu ezinezkoa den mundu baten anamnesia— poetika bisual hori nabari baita. Horregatik, mundu horretara hurbildu ahala, mundu hori gogoratu eta berriz ere asmatuko dugu, adimen sortzaile eta oroitzapenez osatutako jokoaren bitartez. Irudi batek bestera darama, deriba formal edo kromatikoan, irudiak tratatzeko darabilen gailu teknologikoak sortutako segida kaotiko edo ausazkoan. Distrakzio hutsala edo doako fantasia eman dezakeen arren (batzuetan, arte-praxiaren ekintza murriztuak aukera hori goresten du), Idoatek erakusten dituen irudien bilduma honetan pultsio surrealista nabari da, baita hirietan barna noraezean egindako hainbat bideren oroitzapen geroratua ere.

20ko hamarkadaren erdialdean, surrealismoak pertzepzioko eta jabetzeko modu berri bat aldarrikatzen zuen hirietako irudien gainean ekiterakoan; hala, begirada arrazionalista eta burgesa alde batera uzten zuen, eta alderdi harrigarriaren, desiragarriaren eta kaotikoaren askatasuna goresten. Azken buruan, hiriaren jabetza surreala azpimarratzen zuten, ikuspegi berriak palinpsestoen modura gainjarriz. Horren haritik, Idoateren irudietan ere dibagazio bisualak edo ekintza geroratua atzeman daitezke, pultsioen eta halabeharraren joko askea aldarrikatzen duen ondare surrealista horren gainetik. Orobat, jatorrizko kaosaren harridura nabari da, eta kaos hori neurri batean soilik berrantola daiteke ordena gisa. Manipulazio digitaletatik abiatuta, Idoatek betiere bestelako paisaiak sortzen ditu, paisaia bereiziak alegia, eta, Benjaminek bere Das Passagen-Werk lanean (1929) gogora ekarri zuen bezala, Fláneur-ak horrelaxe ikusten du hiria, paisaia bereizi gisa.

Serie batzuetan —Berlingo irudietatik abiatzen denean, esaterako— bektore-marrazketaren protagonismoak collagearen logika modulatzen du. Teknika horrek eskaintzen dituen aukerei dagokienez, esan beharra dago artista honek dagoeneko ibilbide luzea egin duela praktika esperimentalaren alorrean. Irudi dokumentala dimentsio birtual edo irudizko baterantz mugitzen da, eta joko kromatikoek eta aipamen edo iruzkin moduan jarduten duten pusken arteko lotura intertestualek inpresio hori azpimarratu egiten dute. Kolorearen erabilerak —nolabaiteko pop joera nabari da— ez du alderdi errealaren pertzepzioa biltzen; aitzitik, pertzepzio hori aldatu egiten du, mimesi egokia dislokatuz eta desberdintasun eta errepikapenen sorta birsemantizatuz.

Beste serie batzuek, aldiz, egileak berak “hiperikuspegia” deitzen duena pribilegiatzen dute: egitura axonometrikoen irudikapenetan, toki baten esperientzia laburbiltzen duten hiri-irudiak proiektatzen dira. Hala, laurogeiko hamarkadan abiarazi zuen joera bati eusten dio Idoatek, hots, estilo geometriko eta deskriptiboa arkitektura-diseinuaren berezkoagoa den irudikapen-eredu birtual batekin uztartzen du. Hala, eskala grafikoek, alanbre-itxurako geometriek, keinu piktorikoa deusezten duten proiekzio ortogonalek ingurune berria zehazten dute, eta ezorduko topofilia batek —metropoli-kaosmosen puskek, agian— bere tokia aurkituko du bertan. Proiekzio ortogonalen sare horietan hutsune pregnanteak sortzen dira, irudien arteko tentsioaren modulagarri. Dena grabitatzen ari dela dirudi, telepolis birtualetan egongo bagina bezala. Bertan, tokiaren esperientzia bestela mugatzen da, eta tokikoa eta globala modulatzen duten bestelako elkarreraginek esku hartzen dute esperientzia horretan. Michel Serres izan da metropoli-mutazio hori argien ikusi duen pentsalarietako bat. Honela idatzi zuen: «Tokitik bereizia, singulartasuna zeinu mugikor, aldakor, nonahiko eta iraunkorren eraginpean geratzen da» . Aldi berean, orainaldiaren arkitekturaren zatietako bat, bere deriba zoragarrian, identitate mugikorra bereganatzen du, eta bertan fikziozkoak eta birtualak errealitatea itxuraldatzea bilatzen dute. Serie horietan, berria ez da geruza kaotiko baten antzera gainjartzen (horrela gertatzen da, ordea, haren lau dorretako lanetan: kutsu espresionista nabarmena dute, mota askotako mikroespazioz josita); aitzitik, berezko, bere baitarako munduari amaiera ematen diola dirudi, alteritate ezezagunetara irekiz. Sare horiek egiazko sare bihurtzen dira, etortzekoa den unibertso heteroklito baten mapa kognitibo eta zatitu berriak, agian. Nolanahi ere, kartografia nomadak direla interpreta daiteke, hiritarraren epifania proiektatzeko sortuak: ustekabekoa, harrigarria, mugikorra, edo deriba, egoera eta gertaera-jokoetara igarotzeko espazioak. Azken buruan, paisaia dislokatuak dira, eta iragan iheskorrak bertan egiten du distira: halabeharrez hartutako irudi haiek, hiritik hartutako beste horiek, oroimenaren sarea, bere aztarna eta ahanzturekin. Birziklatze eta kutsadura bisuala, argazki-irudi soilaren gainbehera: Idoatek bestelako modalitateak erabiltzen ditu irudikatzeko eta lengoaiarekin jokatzeko. Hain zuzen ere, Idoateren serieetan paradoxa bisuala ageri da maiz, eta pathos horrek maila berean jartzen ditu desberdintasuna eta errepikapena, eta zentzua pentsamendutik kanpo ateratzen du.

Azkenik, esan beharra dago Idoateren lan gehienetan beste pathos bat ere ageri dela, malenkoniak eragindakoa. Irudi prekarioa, bere argazki-estatutu konbentzionaletik dislokatua, mestizatua ageri da, argibiderik ematen ez duen jokoan; alabaina, bizi izandako espazio eta denboren, eta irudi irakurtezinaren nolabaiteko malenkonia atzeman daiteke. Hori guztia bete-betean ikus dezakegu Iruñeko arkitektura eta tokiei buruzko hogei piezatako poliptikoan; joera malenkoniatsua argia nabari da horretan. Kontua ez da argazkigailuak jasotakoa ikustea/irakurtzea, baizik eta, azken irudi horiek sortzeko prozesuan —kalkuluaren eta halabeharraren arteko dialektikan— gertatzen dena atzematea. Hondamendi bisualaren oroitzapena eta narrazioa, palinpsesto kaotikoa, continuum etena. Hortaz, irudi horiek, enuntziatu beharrean, erakutsi egiten dute. Eta beraz, beste era batean, pentsamendua iruditan jartzen dute. Kaosmosa, ametsezko gainbehera, distopiak edo heterotopiak, kaosari beste itxura bat emateko agian. Behar bada.

 

SERRES, Michel: «Urbi et Orbi», in Debats 62-63, udazkena (1998), 53. or.